XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JOKABIDE BI ERRIGINTZARAKO. ERRIGINTZAN BERO

Gogorkerizko agintaria il zanetik, euskaldunok sendo oratu dautsagu errigintzako lanari, politika bidezkoa agiri dala.

Len be egiten zan lan errigintzan, bide gogorretatik eta bide leunetatik, baiña orain agiriagokoa dogu lan au.

Ba geunkan euskaldunok errigintzako lan au egin bearra! Batez be politika-jokoan sartu bearra!

Gizaldi batzuk lenago, Euskadi'ren batasuna, agintari bakar baten ardurapean alkartuta egotea, billatu be ez genduan egin.

Baiña gaur erri-batasun au guztiz bearrezkoa dogula errez ikusi eta orrantza jokatzen dogu.

Zori txarrez, gizonen eskuz egindako muga orrek, oraindiño, zearo banatzen dau Erria, baiña ez ete da laster kenduko muga lotsagarri ori?

Errigintzan, batasunerantza ta burujabetasunerantza joten dabe gaurko politika-jokoak, Erriaren askatasun osoa lortu arte ez geratzeko asmoz.

JOKABIDE BI

Errigintzako lan bero onetan jokabide bi, oso berezituak ikusten doguz.

Batzuk, gaur berton askatasun osoa eskatzen dabe eta ori lortu arte ez dabe izten euren erasoa eta euren guda beroa.

Ez dabe auteskunderik onartzen.

Ez dabe gogorkeria baiño beste biderik ikusten.

Onein artean jarri bearko doguz, Bilbo'ko Aldundiaren buru zana il ebenak eta orretaraiñokoak ez diran beste batzuk.

Ba dago beste jokabide bat, gaurkoz erritarrik geienak onartzen dabena eta gogorkeri-bidea barik politikearen bide zuzena ta sendoa artu gura dauana.

Oneik alkar-izketearen bidez eta Erriaren bultzakada baketsuak lagun dirala, elburu bardiñera eldu gura dabe.

Oneik auteskundea onartzen dabe.

Alderdi baten erakutsi bat izan da Aralar'eko alkartze nagusia.

ALKAR JO BARIK

Eritxi ezbardiñak izatea, berez, onartzekoa da, naizta batzuk gogoko izan ez eta geuretzat ezin artu, baiña txarrena, erriarentzat kaltegarriena, jokabide orreik alkarren aurka, alkarragaz burrukan, astea izango litzake, iñoz eta baten baiño sarriago jazo dan lez.

Gure artean izan beitez eztabaidak baiña Erria guztiok lenengo gauza lez artzen dogula.

Gure artean izan beitez jokabide ezbardiñak, baiña alkarrari kalterik egin barik.

Aldeztu dagigun bakoitxak berea, baiña besteak iraindu barik.

Eta iñor ez dagigun il, gitxiago odolez anai doguzanak, naizta eretxiz oker egon.

Izango ditu Erriak oker orreik zuzentzeko bideak, baiña anaien odolaz geure eskuak ez dagiguzan gorritu.

Egia da era askotara eskuak zikintzen dirana, baiña al dala ez beite jazo gure Errian, bakezale izan dan erri onetan, burruka geiegi ikusi dauan Euskalerrian.

GURE BIDEA

Guk, ZER egiten dogunok, ez daukagu politika-talde berezirik.

Errijakintza, kulturea, zabaltzea da gure elburua, baiña ezin ukatu politikan be ba daukaguzela eritxi batzuk.

Ez gara gogorkeri-zaleak, auteskunde-bidea dogu naiago.

Ez gara burruka-zaleak, alkar-laguntza dogu naiago.

Egia esan-bearrak eta geure eritxia agertu-bearrak iñoiz alderdi baten itxurea ezarriko dausku.

Eta politika-joko zuzena ikusten dogunean, joko ori txalotu bearrak be bide orretara eroango gaitu, baiña gure bidea ez da, talde lez, politika-bidea kultura-bidea baiño.

Jakintza-bide au, errigintzako bidea da, lan onegaz Erria egiten diardugu.